Play Strindbergekin lortutako arrakastaren ostean, Nuria Espert aktore txundigarria Georges Lavaudanten aginduetara jarri da berriro orain arte landu gabeko genero batean aritzeko: vaudevillea, fartsa. Erronka berri horretarako, Georges Feydeauk idatzitako obra bat aukeratu da. Ez da oso egile ezaguna geure herrialdean, baina XX. mende hasierako komedia frantseseko handienetako bat da.
Hay que purgar a Toto (Toto purgatu behar da - On purge bébé – 1910) Georges Feydeauren estilo berantiarraren erakusketa da. Egile horren “ezkontza-fartsa” zentzugabe eta bikainenetako bat da, non pixontzien fabrikatzaile batek mendeko kontratua lortzea duen xede: armada materialaz hornitzea! Negozioa ixteko amarruak ezusteko sorta ederra dakarkio, eta guztia etxeko txikiak amak edanarazi nahi dion purga hartu nahi ez duelako.
Teatro Españolen produkzio alai honek geure eszenategietako emakumezko aktore handienetako bat miresteko aukera ematen du, eta landu ohi ez duen erregistro batetan gainera. Aktore-talde bikain batek lagunduta, azken hamar urteetan Odéon, théâtre de l’Europeko zuzendari izan denaren eszenaratzea izango du.
|